XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

IHES-MEKANISMOAK

Gure azalpenean helduak gara oraingo aldira eta orain faxismoaren esangura psikologikoa eta askatasunak aginkeriazko sistemetan eta gure demokrazian bertan ere duen esangura jorratzeari ekitea legokiguke.

Baina gure argudiaketaren balioa gure premisa psikologikoen baliozkotasunaren gainean finkatzen denez, komeniago dirudi hemen pentsamenduaren hari nagusia eten eta kapitulu bat, aipatuak ditugun eta gero ere aztertuko ditugun mekanismo psikologikoen eztabaida konkretu eta zehaztuagoari ematea.

Premisok azterketa zehatza behar dute, zeren indar inkontzienteei eta berauek arrazionaltzeetan eta karaktere-berezitasunetan adierazteko duten erei buruzko kontzeptuetan oinarritzen baitira, kontzeptuok irakurle askori, arrotz ez bada ere, landu beharreko bederen gertatuko zaizkiolarik seguraski.

Kapitulu honetan psikologia indibiduala eta prozedura psikoanalitikoz kasu indibidualen azterketa zehatzetan lortutako hautemateak ukituko ditut.

Psikoanalisiak oso-osoan betetzen ez badu ere urte askotan zehar psikologia akademikoaren ideala izana den araua, hots, natur zientzien metodo esperimentaletara hurbiltzea, ezin da ukatu, hala ere, metodo erabat enpirikoa denik, zentzuraz gabeturiko gizabanakoaren pentsamendu, amets eta fantasia indibidualen behaketa zail eta arretatsuan oinarritua.

Indar inkontzientearen kontzeptua erabiltzen duen teoria psikologikoa soilki, sartu ahal izango da gizabanakoa edo kultura analizatzean aurkitzen ditugun arrazionalizazio ilunetan barrena.

Itxuraz askaezin diren korapilo asko eta asko ezabatu egiten dira berehala honako ideia hau baztertzea erabaki bezain laster, hots, jendeak bere egintza, pentsamendu eta hunkipenen kausa uste dituen zioak direla nahitaez, benetan modu konkretu horretan jokatu, sentitu eta pentsatzera bultzatzen dutenak.